July 23, 2021
De parte de La Haine
314 puntos de vista


23/07/2021 :: Nacionales E.Herria
x Arranomendi

Askotan adierazi dugun gisan, Euskal Nazio Askapen Mugimendua likidatu zuen ziabogaren ostean, gure herria krisi sakon batean murgildurik aurkitzen da. “Estrategia independentista eraginkorra” gauzatzetik urrun, abiadura handiko asimilazioa pairatzen ari gara eta egunetik egunera nabariagoa da egoeraren larritasuna.

Adierazgarria da, likidazio horren gauzatzaile nagusietako batek, Arnaldo Otegik, tarteka “herri honek pultsu nazionala galdu” duela aipatzea. Baina, jakina, horretan bere erantzunkizuna ere aipatu behar da. PSOEko kideak omendu, PSOE eta Podemos espainiar alderdiak aliatu kontsideratu, haien gobernua sostengatu eta espainiar estatu okupatzailearen alarma egoerak eta aurrekontuak babesteraino iritsi denak, mutur galanta behar du pultsu nazionalaren galera hori bere erreformismoarekin zerikusirik gabea bailitzan aurkezteko.

Hainbestekoa da gure krisi nazionala, ezen mota guztietako adierazpen anti-abertzaleen ugaritzea ari den gauzatzen. Euskaldun askoren artean gauzatu ere, eta batik bat “ezkerraren” eta “sozialismoaren” izenean. Espainiar eta frantziar sozial-inperialismoak aspalditik amestu eta landutako egoera.

Testuinguru honetan Arnaldo Otegi beraren hitz batzuen ondorengo erreakzioak aski esanguratsuak izan dira. Radio Euskadi espainiar irrati autonomikoan egindako elkarrizketa bateko une batean, milaka urte dituen gure herria bere burua gobernatzeko heldua dela adierazi zuen. Aurreko hamarkadetan, eta duela urte gutxira arte, halako aipamen batek espainolista porrokatuenen purrustak eragingo lituzke, baina onarpen orokortua izango luke euskaldunen partetik. Bada orain, euskaldun ugarik (tartean Bilduren oinarri sozialean kokatzen diren hainbatek) Otegiren adierazpen horien aurka jo dute “esentzialismoa”, “etnizismoa”, “mitozaletasuna” etb. deitoratuz. Alegia, espainolismoaren ezker hegalaren kontzepzioak irentsi eta birproduzituz.

Halakoen aurrean, abertzaleok orokorrean eta abertzaletasun iraultzailean kokatzen garenok bereziki, konplexurik gabe erantzun behar dugu. Euskaldunok milaka urtetako historia dugu eta herri euskalduna Europako populu zaharrenetarikoa da. Horrek ez gaitu besteak baino gehiago edo gutxiago egiten, baina egitate hori ukatzea zein hortaz lotsatzea, kolonizatuaren konplexu hutsa da. Kolonizatzaileek sustatua, noski.

Ukapen eta mespretxu hori “ezkerraren” edo “sozialismoaren” izenean egitea sozial-inperialismoaren baliabidea da. Albanian, Kuban, Txinan, Vietnamen,… iraultzaile komunista handienak, abertzale handienak izan dira beti. Eta harrotasunez aldarrikatzen dute beraien herrien historia.

Adibide gisa, Enver Hoxha eta Fidel Castroren idatzi eta diskurtsoak ikus ditzakegu beraien herrien historia milenarioa aipatzen.

Kuban, espainolek jatorrizko kultura-hizkuntzak desagerrarazi bazituzten ere, beraien historiaren hastapenak garai haietan kokatu eta egungo kubatar herriarekin lotura egiten dute. Guk, euskaldunok, duela milaka urtetako hizkuntza bera, euskara, mantentzen dugularik, lotura hori ukatzea, alienazio mailaren erakusle da.

“Europako herri zaharrena, Euskal Herria, bizirik dago, borrokaren bidez, mendez-mende, bizirik mantendu dugulako” zioen Euskadi Ta Askatasunak 2002. urtean. Zalantzarik gabe, ETAren likidazioak zerikusi zuzena izan du posizio abertzaleen atzerakadan eta euskaldunon alienazioaren areagotzean.

ABERTZALETASUNA MODAN EZ DAGOEN HONETAN, GUREA SUHARKI DEFENDATZEA BEREBIZIKOA DUGU!

ALTXA EUSKAL HERRIA!

https://erlaitzan.wordpress.com/2021/07/22/abertzaletasun-eza-modan-gurea-suharki-eta-konplexurik-gabe-defendatzeko-beharra/




Fuente: Eh.lahaine.org