September 19, 2021
De parte de La Haine
146 puntos de vista


19/09/2021 :: Nacionales E.Herria
x Uxue Rey Gorraiz
200 lagun inguru bildu dira asteon Lapurdin atxiloturiko gazteei babesa azaltzeko. Agintarien eta Poliziaren bortizkeria salatu dute, irmoki

Lau egun dira Frantziako Poliziak uztailaren 14ko gertakarien harira Lapurdin lau gazte atxilotu zituela. Ordutik egunak igarota ere, ordea, ezin esan liteke gazte horientzako elkartasun mezuak itzaltzen hasiak direnik. Poliziaren operazioak hainbat eta hainbat herritarri eragindako sumina piztua da oraindik; Baionako karrikak izan dira horren lekuko. Izan ere, U14 kolektiboak deituta, asteazkeneko atxiloketak salatzeko eta atxilotuei babesa azaltzeko mobilizazioa egin zuten atzo 200 bat pertsonak, herriko etxetik abiatuta. Euskal Herriaren independentziaren aldeko oihuak ere ozen aditu ziren.

Manifestariek grinaz egin zuten protesta. Gogoz salatu zuten, besteak beste, polizien bortizkeria, eta, gainera, ez zen faltatu Jean François Hirigoien Donibane Lohizuneko (Lapurdi) auzapezaren kontrako mezurik ere. Alkate, delinkuente irakur zitekeen mobilizazioan zeramaten pankarta batean, adibidez. Mezu horiez gainera, argia zen mobilizazioaren mezu nagusia: Ez gaituzue geldituko zioen martxaren hasieran zeramaten pankartak.

Martxa bukatuta, asteazkenean atxilotutako gazteetako bi mintzatu ziren, eta esker mezuez ekin zioten hitz egiteari. Batik bat, atxiloketak gertatu ondotik egin diren elkarretaratze eta protesta ugariak ekarri zituzten gogora. «Zinez, mila esker […] Argiki ikusi dute gutako bat hunkitzen badute herri osoa ukanen dutela parean», esan zuen bietako batek.

Halaber, «Nor da hemen bortitza?» galdetu zuten gazteek. Atxiloketak egiteko moduak gogorarazi zituzten, baita, adibidez, Hazparneko gaztetxea husteko operazioa eta Oier Oaren kontra hartu diren neurriak ere. Azkenik, indarrez, adierazi zuten azken egunotako zein lehendik gertatutako atxiloketek eta polizien bestelako ekintzek ez dutela euskal gazteriaren bidea oztopatuko. Borrokan segitzera deitu zuten.

https://www.berria.eus/paperekoa/1966/014/001/2021-09-19/euskal-gazteriaren-aldeko-aldarrikapenek-hartu-dituzte-baionako-karrikak.htm 




Fuente: Eh.lahaine.org