March 18, 2023
De parte de Sare Antifaxista
1,821 puntos de vista

Zuretzako Mezua / DJ Mr. Mutton Chops, Antifa sesion

Martxoak 25 Marzo

21:00etan

Aurkespen + Distri Antifaxista + Pintxada

Oxido Taberna,  Kanpezu 

Mendi Aldea * Araba

Lotsarik gabeko pasioa

Azteazken arratsaldea Siberia-Gasteizen. Iluntasuna, hotza eta asperdura izan ohi dira nagusi hirian. Gozamen kolektiborako alternatiba kultural gutxi egon arren, bada aukerarik: Zuretzako Mezua musika kolektiboko Plater Irekiak. Plan ederragorik ezin. Azaroko azken asteazkenean ska, rocksteady eta reggae musikaz blaitu zuen Zuretzako Mezuak Gasteizko Gaztetxea. Muinoko etxearen ateak zeharkatu bezain pronto lehen reggae doinuak entzun zitezkeen. The Inspirations taldearen «La La» kantak bozgorailuak burrunbarazten zituen.

Reggae erritmo itsakorrak gaztetxeko tabernara bultzatu zuen lehenengo reggaezale saldoa. Zuretzako Mezua-ko kidegoa ere bertzan zebilen: Beli Lebed barraren alde egokian, barraren beste aldean tabernari lanetan, ordea, Toni Dekker eta Young Buster. Hirurak Zuretzako Mezua-ko kide eta selektore. Bazirudien mihia astintzeko gogoekin zeudela denak. Reggaren groove gozoaren magalean solasaldi interesgarria hasi zen.

Young Buster Zuretzako Mezua-ko sortzaileetako bat da. Kolektiboaren hastapenak ondo oroitzen zituen, zehatzak bezain beharrezkoak: «ikusita reggae doinuen inguruan ez zegoela ganorazko ezer Gasteizen, 2018an bost zorok Zuretzako Mezua sortu genuen». Hasieratik helburua musika jamaikarra sustatzea dela gaineratu zuen Beli Lebedek; reggaeren inguruan dinamika desberdinak antolatzea. Nekez aurki zitekeen 20 urtera heltzen zen gazterik reggaeren ero horien artean. Ordutik gaztetasuna izan da kolektiboaren oinarrietako bat.

Rocksteady erritmoari egokituz eta tragoak eskuetan, The Galdiatorsen Mr. Sweet pilulatzarraen laguntzaz, hainbat reggaezalek dantzaldi lotsati batean murgiltzen hasi ziren. Modu berean, gero eta Zuretzako Mezuako kide gehiago batu ziren ingurura: Morrongo, Zaratatrusta, Clockwork Kid, Sweet Jamaik… Giroa berotzen ari zen. Gargarado eta algara artean, kolektiboaren historiako pasadizo desberdinak kontatu zituzten. Barne zatiketa moduko bat pairatu omen zuen kolektiboak hasierako urteetan. Dubstepzale eta oldiezaleen arteko giroa gaiztotu zen. Antza denez, gero eta leku gutxiago zuen reggae klasikoak. Ahatik, tentsioek gora egin aurretik, joera bakoitzak bere bidea egin zuen. Toni Dekkerren aburuz «“original reggae music” sustatzen jarraitzea lortu genuen». Finean, erroetara bueltatu ziren. Nolanahi ere, bai barne kalapitek, bai pandemiak geldialdi txiki batera bultzatu zuten Zuretzako Mezua.

Sweet Jamaik pandemiaren gogorraren ostean batu zen reggae kolektibora. Neurri murriztatzaileak medio, pixkanaka-pixkanaka kontzertu eta pintxadak antolatzera bueltatu ziren, Skakeo taldearen kontzertua kasu. «Ondoren asanblada ireki bat deitu genuen eta jende berria sartu zen orduan. Osasuntsu dago kolektiboa» azaldu zuen Sweet Jamaikek. Giro ezinhobea dagoela azpimarratu zuten aho batez denek.

Izan ere, barne kohesio horrek kanpora begira islada izan du, Zuretzako Mezua-ren inguruan komunitate sendo eta anitza sortaraziz. Oinarri irmoa dutela zeritzon Toni Dekkerrek. Begi bistakoa zen. Trikomaren «Zuretzako Mezua» kanta dotoreak hotza leuntzen zuen, bai, baina arratsalde siberiarra izan arren, jendetza bildu zen Gaztetxeko tabernan, ia betetzeraino. Auzolanaren filosofiari jarraikiz, laguntzeko prestutasun osoa duen jendea dela azaldu zuten: barra turnoak egiten, propaganda lanetan, kontu logistiko eta teknikoetan… Halaber, hitz politak izan zituzten Orbain kultur elkartearentzat eta Gasteizko Gaztetxearentzat, zinez eskertzen diete Zuretzako Mezua-ri emandako laguntza.

«Plater Irekiak komunitate horren erakuslehio da» Sweet Jamaikek esan zuenez. Edonork musika jarri dezan antolatzen dituzte, kolektibokoa izan edo ez. Ezbairik gabe, Zuretzako Mezuaren ekimen arraskatsuena da. Hilabetero asteazken bat hautatu eta Gasteizko Gaztetxea reggae doinuekin betetzen dute. Horren inguruan, hamarnaka musikazale biltzen dira; biniloak eskuan, dantzatzeko gogoz edota zurrutari emateko intentzioarekin. Parraleko astearteko kontzertuen antzera, Gasteizko derrigorrezko musika ekitaldia bihurtu da.

Erritmo desberdin batek elkarrizketa urratu zuen bapatean. Gang of Fourren aurreneko diskoari hasiera ematen dion «Eter» abesti puskaren lehen notak ziren. Rata Jones zegoen disko ziztatzaile moduan, Gasteizko rockzaleen artean aski ezaguna den musika jartzailea. Arraroa suertatu dakioke edozeini postpunk pilulatzar hori reggae kolektibo batek antolatutako arratsalde-jai batean entzutea. Ez ordea Zuretzako Mezua kolektiboaren Plater Irekiak dinamika ezagutzen duenari. Toni Dekerren esanetan «batez ere, musika beltza entzun daiteke Plater Irekietan: reggaea, soula, rhythm&bluesa…». Baina ez da zaila rap, rock, punk eta pop doinuak entzutea. Ez soilik reggae munduan, Gasteizko musika eszena osoko erreferente bihurtu da Zuretzako Mezua.

Reggae eszenaren egoeraren inguruan galdeginez, baikor agertu ziren kolektiboko kideak. «Reggaean Jarrai» musika-bilduma adibide moduan jarri zuten. Euskal Herriko txoko guztietako hamalau musika taldek, hogeita hamabost musika kolektibok eta berrehun eta berrogeita hamar lagunek parte hartu zuten binilo diskoaren sorkuntzan. Eszena ez dago soilik bizirik, baizik eta lan egiteko gogoekin: kontzertuak eta pintxadak Euskal Herri osotik biderkatzen dira.

Etorkizunari begira dinamika ugari dituzte eskuartean Zuretzako Mezua-ko kideek. Hamaika idea bota zituzten, bata bestearen atzetik. Gogo handiekin ikusten zitzaien. Ezer baino lehen, jorratutako ildoari eustea dute buruan: hilabetero Plater Irekiak, pre eta post kontzertuetan pintxadak antolatzea, pintxada solteak nonahi, herri mugimenduko ekitaldiak animatzea… «Mugimenduan gaude» bota zuen Sweet Jamaikek eta bi ekitaldi nagusi agindu zituen: Zuretzako Mezuaren bolumenak berreskuratzea (orain arte hamahiru egin dituzte eta horietako bakoitzean Gasteizko Alde Zaharra reggae doinuekin bete dute) eta 2023ean kolektiboak bost urte beteko dituelaren aitzaki pean, ospakizun berezia egitea.

Etxeratzeko tenorea heldu zen Clockwork Kidek platerren gidaritza hartu zuenean. Greyhounden «Black and White» hots alaiek Zuretzako Mezua-ren kideen azken hausnarketak girotu zituzten. «Duela urte batzuk ez zegoen ia pintxadarik. Lau-bost pertsonek pintxatzen zuten eta orain jende andanak egiten du. Musika konpartitzeko eta jende berria ezagutzeko aukera paregabea da. Horrek guztiak batzen gaitu» iritzi zion Zaratrustak, «Hori beste musika estiloetara zabaltzea ondo legoke. Gainera jende gaztea ikusten da Zuretzako Mezuaren inguruan. Pozgarria da. Ezin da zahartzen utzi eszena, berritzen joan behar da». Zaratatrustaren haria jarraituz, Sweet Jamaikek argi utzi zuen Zuretzako Mezua-ren izaera herrikoia. Reggaea herritik eta herriarentzat sortu zen musika den heinean, Zuretzako Mezua-ren lana herritik eta herriarentzat izango da.

Etxerako bidean, alkoholak ematen duen argitasuna baliaturik, hainbat gogoeta egin zitezkeen, arinak agian, errealak baiki. Baga, maiz disko bildumazaleen giroari zahar usaina dariola. Biga, horrelako inguruan gazteak nekez lekurik topatu dezaketela eta, hortaz, musika beltzara gerturatzea nagia sortzen diela. Higa, Zuretzako Mezua-ko kideek jario duten bakarra pasioa dela. Gazteak dira, lotsagabekoak, herrikoiak eta heterodoxoak. Ezinbesteko eredua beraiena musika beltzak etorkizuna izan dezan.

Zuretzako Mezua , Una pasión sin límites. 

@ZuretzakoMezua
https://www.instagram.com/zuretzakomezua/



Fuente: Sareantifaxista.blogspot.com