March 8, 2021
De parte de La Haine
24 puntos de vista


08/03/2021 :: Nacionales E.Herria

110 urte igaro dira jada, Clara Zetkinek Emakume Langileen Nazioarteko Eguna antolatzeko proposatu ostean, hau lehenengo aldiz gauzatu zenetik. Hasiera batean proposamen honek data zehatzari erreferentziarik egiten ez zion arren, gaur egun Martxoaren 8a dugu, inolako zalantzarik gabe, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna eta honen borrokaren ikur eta erreferente nagusia. Eta emakume langilearen zapalkuntzak bere horretan jarraitzen duen bitartean, data esanguratsu honetan ere badugu zer aldarrikatu. Baina izaera koiunturaleko gertakariez haratago, egiturazko irakurketa batekin jorratu behar dugu hau, emakume langileak menpeko posizioa edukitzea eragiten duten arrazoien oinarriei helduz eta hauek azaleratuz.

Ikusi besterik ez dago egungo gizartean, oraindik ere, emakumeari sexuan edo ezaugarri biologikoetan oinarrituta genero rol jakin batzuk ezartzen zaizkiola, nagusiki, zaintzaile irudiarekin lotuak direnak. Hala ere, nahiz eta rol horiek sexuan oinarrituta inposatzen diren, ezin genezake biologia bera hartu emakumearen menpekotasun egoeraren jatorritzat. Izan ere, generoa, historikoki sortu eta zilegiztatu den eraikuntza soziala den heinean, argi dago emakumearen zapalkuntzak erro soziala duela. Horrenbestez, emakume izateak gizartean dituen ondorio zuzenei so egin behar diegu.

Emakume langileak rol garrantzitsua jokatzen du sistema kapitalistaren baitan, bera baita lan-indarra eskuragarri egoteko ezinbestekoa den lan birproduktiboa burutzen duena. Bestela esanda, honi dagokio langile klaseko kide ezberdinek beraien burua berreskuratzeko oinarrizko beharrizan fisiko eta psikologikoak asetzearen ardura. Jan ezean, lorik egin ezean, arropa garbitu ezean, zaintza emozionalik jaso ezean鈥 langileak ez lirateke ekoizpen prozesuan parte hartzeko baldintza egokietan aurkituko.
Hala ere, langileak ez dira beharrizan horiek ase behar dituzten bakarrak. Adinekoek edota beste arrazoiren batengatik produkzioan parte hartzen ez duten pertsonek ere berdin berdin behar baitituzte biziraupenerako jarduera horiek. Eta zer esanik ez haurrez, beraien zaintzaz eta heziketaz arduratuko den norbait behar dute eta beraiek ere ondoan. Gainera, emakume langileak buruturiko jardun birproduktiboa ez da soilik zaintza lanetara mugatzen. Izan ere, kapitalak ugaltzeko gaitasuna ere baliatzen du etorkizunera begira langileen belaunaldi berriak eskura edukitzeko.

Aitzitik, kapitalismoan, emakume langilearentzat lan birproduktiboaz arduratu behar izatea ez da produkzioan parte hartzetik salbuesteko aitzakia. Alderantziz, burgesiak ezin diezaioke ukorik egin gizonez gain emakumeak ere esplotatu eta etekin bikoitza lortzeko aukerari, horrek kontraesana sortzen dion arren. Izan ere, enplegua eta zaintza lanak uztartzeko zailak dira eta, are gehiago, aldi bereko zereginak bihurtzen direnean. Emakumea soilik zaintza lanaz arduratuko balitz etekin txikiagoa aterako luke eta bakarrik ekoizpenean arituko balitz, berriz, lan-indarraren eskuragarritasuna galtzeko arriskua egongo litzateke.

Hori dela eta, emakume langileari batik bat zaintzarekin loturiko lanpostuak esleitzen zaizkio, honen zaintzaile rola betikotzeko helburuarekin, horren erakusgarririk argienak izanik feminizatutako sektore eta lanpostuak: garbitzaileak, irakasleak, egoiliarrak鈥 Halaber, emakume langileak lantokiaren eta etxeko lanaren artean hautatu behar duen unean, beti lehenetsi behar du azken hau, beronen esku baitago beti familiaren osasun eta ongizate fisiko zein emozionala, aipaturiko zaintza lanek dakarten gainkarga emozional guztiarekin. Haurra gaixotzen baldin bada, emakume langilea bera izango da ziur aski lanera joan beharrean haurra sendatu arte etxean geratu beharko dena. Ildo horretatik, azken hamarkadetan argi ikusi da kapitalak nolako garrantzia eman dion emakume langilea arlo produktiboan integratzeari baina, betiere, hau jardun birproduktiboarekin uztartuta. Horrela, kapitalak emakume langilea zaintza lanekin ez ezik ekoizpen prozesuan izaera produktiboko soldatapeko lanaren bitartez ere esplotatzen du hau.

Gauzak horrela, argi geratzen da kapitalak Euskal Emakume Langilearen lan produktiboa xurgatzeaz gain, sexu-generoan oinarritutako dominazio harremanak eta hierarkia soziala baliatzen dituela, lan birproduktiboaren zama bere gain kokatzeko. Azken finean, kapitalak interes berezia dauka emakume langilearengan, honek ziurtatzen diolako lan-indarra eskura egotea esplotazioan oinarrituriko ekoizpen eredua bermatzeko, bere interesei erantzuten dion feminismoa sustatzeko punturaino. Izan ere, feminismo burgesak soilik sexu-genero auziari lotuta aztertzen du emakumeen zapalkuntza, emakumearen burujabetza sistema kapitalistaren barruan modu idealista eta isolatuan jorratuz eta klase gatazka alde batera utziz. Hala ere, enpresa baten emakumezko zuzendariak eta emakumezko langileak genero ikuspuntu batetik antzeko zapalketa pairatzen duten arren, klase ikuspegiari dagokionez, burgesak langilea esplotatzen du. Emakume bat beste langileak zapalduko dituen enpresa baten zuzendaria izatera iristea ez da feminismoaren garaipentzat hartu behar, sistema kapitalistaren beraren garaipentzat baizik.

Emakume burgesaren eta langilearen interesak kontrajarriak direla argi geratzen da, emakumearen auzia ezin daitekeelarik ulertu langile klase osoari eragiten dion zapalkuntzari aurre egin gabe. Ezinezkoa da, beraz, harreman patriarkalak eta sexu-genero eraikuntza gainditzea, hauek iturburutzat duten eta elikatzen eta sustatzen dituen sistema kapitalista suntsitu gabe. Horregatik, emakume langileak pairatzen duen zapalkuntza klase feminismotik jorratu beharra dago, Euskal Herriaren kasuan, Euskal Emakume Langilea delarik lanketa honen objektua. Euskal Emakume Langilea, azken finean, Euskal Herriko langile klasearen parte diren emakumeek osatzen dute, Euskal Herri Langilearen barnean kokatzen delarik, honek pairatzen dituen nazio eta klase zapalketei genero zapalketa batu behar izatearekin batera.

Bestalde, Covid-19ren agerpenak ere krisi larria eragin du. Emakume langileak aurretiaz pairatzen zituen ezberdintasunak areagotzeko testuinguruari bide eman dio, bertatik eratorritako egoera zapalkuntza betikotzeko neurriak ezartzeko tresna moduan baliatzen ari delarik burgesia. Koronabirusak aurretik antzematen genuena agerian utzi du: enplegua eta zaintza lanak uztartzeko zailtasuna, batez ere, aldi bereko zereginak bihurtzen direnean. Honekin batera, egoeraren aitzakiapean buruturiko zerbitzu publikoen murrizketak gaixoen, adingabeen, adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen zaintza lanen beharrak areagotu ditu, hauek kasu gehienetan emakume langileen gain erori direlarik. Horrez gain, emakume langilearen enplegu esparrua zaintzara bideratutako lanpostuekin hertsiki uztartuta dagoenez, lan munduaren zenbait esparrutan ematen den feminizazioak birusarekiko arrisku handiena duten lanpostuak emakumeek burutzea eragin du, hauek gaitzarekiko lehen lerroan jarriz. Dena dela, azken hilabeteetako osasun larrialditik eratorritako ez-ohiko egoera emakume langileak pairatzen duen zapalketa larru gorritan utzi duen muturreko egoera den arren, izaera koiunturaleko gertakaria dugu, zapalkuntzaren egiturazko erroa eta muina ekoizpen eredu kapitalistan kokatzen baitira.

Zentzu horretan, Euskal Emakume Langileen problematika independentziaren eta sozialismoaren ikuspegitik landuko duen klase izaerako feminismoa bultzatzeko beharra ikusten dugu. Horrek Euskal Herrian emakumeok bizi ditugun errealitate ezberdinetan erabat inplikatuko duen mugimendu feminista baten beharraz pentsatzera garamatza. Izaera sektorialeko planteamenduak baztertu eta alternatiba iraultzailearen parte izan behar duen feminismoa aldarrikatzen duena, klase eta nazio ikuspegiak landuko dituena. Klase feminismoa, alegia. Klase izaerako feminismoa, emakume guztiok soilik emakumea izateagatik zapalkuntza berberak eta era berean bizi ditugula zalantzan jartzen duena, Euskal Emakume Langileak zuzendutako eta garatutako feminismoa, Euskal Herrian alor ezberdinetan diharduten gainerako borrokekin elkarlanean arituko dena.




Fuente: Eh.lahaine.org