July 20, 2021
De parte de La Haine
280 puntos de vista


20/07/2021 :: Nacionales E.Herria
x Aimar Gutierrez Bidarte
160 eguneko greba bete dute gaur Tubacex taldeko langileek Aiaraldean.

Tubacexeko Enpresa Batzordeko kideak Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin bildu dira gaur premiazko deialdi batean. Bertan jaso dute multinazionalaren proposamena: kaleratutako langileek lantegietara lanera itzultzeko aukera izango dute.

Greba mugagabearen 160. egunean Tubacexeko zuzendaritzaren erantzuna jaso dute Tubacexeko langileek. Enpresa Batzordeko kideak premiazko bilera batera deitu ditu Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak eta bertan jaso dute multinazionalaren proposamena.

Enplegua Erregulatzeko Espedientearen bidez kaleratuak izan ziren 129 langileek euren lanpostuetara bueltatzeko aukera izango dute, Justizia Auzitegi Nagusiko epaiak kaleratzeak baliogabetu ostean ezarri bezala.

Inkorporazioa era mailakatuan egin nahi du Tubacexek, uztailaren 26tik urriaren 30era. Berrartutako langile guztiak, gainerakoekin batera, irailetik aurrera abian jarriko den Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen barruan sartuko lirateke.

Enpresa Batzordeak hurrengo egunetan emango du proposamenaren gaineko balorazioa. Besteak beste, argitzeke dago oraindik multinazionalak Madrilgo Auzitegi Gorenean jarritako helegitea mantenduko duen edo ez.

Pozik, baina zuhurtziaz

Aiaraldea Hedabidea Laudioko piketera hurbildu da albistea jaso bezain pronto eta langileekin mintzatu da. Poztasuna adierazi badute ere, zuhurtzia izan da nagusi grebalarien artean.

Alde batetik, mesfidantza handia da Tubacexeko zuzendaritzari dagokionez. Bestetik, itxaroten ari dira jakiteko Enpresa Batzordeko balorazioa, behin multinazionalaren proposamena bere osotasunean analizatu ostean.

https://aiaraldea.eus/aiaraldea/1626781287896-tubacexek-onartu-egin-du-kaleratutako-langileak-fabrikako-postuetan-berriro-hartzea




Fuente: Eh.lahaine.org