Komunikatua – Virgin Mari DJ Set – Comunicado
https://www.instagram.com/p/CfUgI2wM7v3/
Bart gauean Sopelako txosnagunean hainbat eraso jasan genituen. Hauek, soinu probak egiten genbiltzan momentutik hasi ziren; eszenatoki gainera objektuak jaurtiz eta guri oihukatuz. Guk hasieran ez genien garrantzi handirik eman erasotzaileen adin tartea ikusita (15-16 urte inguru), beraz guk gurera jarraitu genuen.
Kontzertua hastear zegoela gure taldekide bati objektu bat bota eta eman egin zioten. Dantzan hasi ginen momentuan eta gure show-aren parte den arropa aldaketan, erasoak gailendu egin ziren, gu deseroso sentiaraziz; txistuak, irainak (putas, guarras, zorras, tias buenas…) eta abar luze bat, gure gorputzak etengabe sexualizatuz. Guk berriz gurearekin jarraitu genuen, baina alerta egoeran jarri ginen gure arteko begiraden bitartez. Momentu honetatik aurrera eraso fisikoak hasi ziren: izotzak, botila beteak, baloiak, plastiko gogorrak… jaurtiz. Erasoak okertzen ari zirela ikusita, musika kendu eta atentzioa deitu genien, eraso bat gehiago jasan ezkero gure kontzertua bertan behera utziko genuela azalduz. Hau esan eta musika jarri genuen momentuan berriz ere erasotuak izan ginen. Momentu honetan, Sugarri-ko (Sopelako neska* gazteak) kide batzuk gugana gerturatu eta beraien babesa eman ziguten, deseroso sentitu ezkero kontzertua bertan behera uztearen erabakiarekin ados egongo zirela azalduz. Guk aurrera jarraitzea erabaki genuen, guregatik, neska* gazteengatik eta antolatzaileengatik.
Laugarren abestian geundela, egoera jasanezina bihurtu zen: esbastikak erakutsiz, “feministas” hitza irain bezala erabiliz, “feminista el que no bote” esanez… Aldi berean, eremua mugatzen zituzten hesiak lurrera bota zituzten, soinu teknikaria erasotuz. Guk momentu honetan mikrofonoa hartu eta kontzertuarekin amaitzea erabaki genuen, gure ongizatea arriskuan zegoela ikusita. Prestatuta geneukan irakurketa jarri bitartean, erasotzaileei begira zurrun eta isilik mantendu ginen, momentu honetan soinu teknikaria argien bitartez erasotzaileak interpelatzen saiatu zen. Behin irakurketa eginda, neska* gazteak agurtu eta eszenatokitik jaitsi ginen, erasotzaileen oihu eta txaloen artean.
Fuente: Sareantifaxista.blogspot.com